Zure forma juridikoa:
A+g osatzen dugun profesionalok kooperatiba gisa eratzea erabaki genuen. Kooperatibismotik hartu genituen gure printzipio eta laneko zein giza baloreak eta, batez ere, ideia hau: guztion erantzukizuna dela aberastasuna sortzea eta hura modu justuan banatu behar dela sortu dugunon artean. Uste dugu kooperatiba izatea forma juridiko bat baino gehiago dela. Zuen kolektiboaren (Lan Komunitate Ekonomiko eta Soziala) asmo ebolutiboari buruz hausnartzen, hura partekatzen, eta hari zentzua ematen lagunduko dizuegu, eta integratu egingo gara zuzendaritza-talde sozial eta exekutiboaren lanari babesa emanez.
Gizarte Ekonomiaren errealitatearekin bat gatoz. Langileek osatutako sozietate oinarri bat baduzue, zuen jarduera profesionalizatzen lagundu diezazuekegu, enpresa-garapena eta garapen soziala modu orekatuan gauzatu daitezen, elkarrekin hausnartuz eta tresna erraz eta eraginkorren babesarekin, erabakiak hartzeko behar beste informazio egon dadin.
ETEek EAEko enpresa-ehunaren % 85 eta enpleguaren % 90 osatzen dugu, eta ingurune oso profesionalizatuetan lan egitera behartuta gaude, gestioa ere profesionalizatuta. A+g aholkularitzak 20 urtetik gorako esperientzia du ETEen eta mikroETEen kudeaketan, eta enpresa bakoitzaren berariazko beharren araberako sistemak erabiltzen ditu.
"Irabazi asmorik gabeko" helburu soziala izan arren, aberastasuna sortu behar da ezinbestean, eta erabilitako baliabideak eta lortu nahi diren emaitzak modu orekatuan kudeatu behar dira. Sektore soziala, irakaskuntza, zerbitzu publikoak... sartuko lirateke talde honetan. KUDEAKETAGINTZA, ardura hartzea eta aurrerapausoak egitea eraginkortasunerantz da, lehentasunezko helburu bat betetzen jarraitzeko: interes-taldeei zerbitzua ematea.
KUDEAKETAGINTZAN adituak gara eta, horregatik, hainbat eragileri (udalak, ekonomia sustatzeko sailak, etab.) prestakuntza edota laguntza eskaintzeko proiektuak abiatzen ditugunean, gure esperientzia praktikoa eta sektore orotako ETEetan bizi izandakoa hartzen ditugu oinarri. Gure hizkera eta LANGINTZA, kolektibo bakoitzak kudeaketan duen esperientziara egokitzen ditugu.
Proiektu berri bat baldin baduzu baina oraindik ez baduzu argi zer forma juridiko eman, ez kezkatu. Ziur asko aipatu izanen dizkizute forma horietako batzuk (SM, SZ, etab.) eta agian beste batzuk ezezagunagoak egingo zaizkizu. Bideratu zaitzakegu, batzuen eta besteen artean zer alde dauden azalduta, eta, xehetasun gehiago nahi badituzu, informazio gehiago emango dizun jendea (erakunde publikoak edo pribatuak, zerga eta lan arloko aholkulariak, etab.) ezagutzen lagundu diezazukegu. Nolanahi ere, zure proiektuan hartu beharko duzun erabaki ugarietako bat baino ez da izango forma juridikoa aukeratzea, eta irizpide nahikorekin erabakitzeko, aldez aurretik hausnartzea komeni zaizu: zer helburu duen zuen proiektuak, zer den proiektuaren bultzatzaileak batzen zaituztena, edo zein diren abiatu duzuen negozioereduaren giltzarriak. Hori guztia argi izan ondoren, forma juridikoa aukeratzea izango da ziur asko errazen hartuko duzuen erabakietako bat.
Zure sektorea eta jarduera mota:
Industria arloko KUDEAKETAGINTZAK berekin dakar bezero oso zorrotz eta profesionalekin eta nazioarteko enpresen testuinguruetan lan egitea. Inbertsioak egin eta behar bezala finantzatzeko erabakiak hartzea, produkzio-prozesuak kudeatzea, ERPtik informazio garrantzitsua lortzea, entregatzeko epeak kudeatzea, erantzuteko prozedurak bezeroei egokitzea, hornitzaileen jarraipena egitea, stockak eta diruzaintza kudeatzea... Ekintza horiek guztiek badute nolabaiteko arriskua, baina litekeena eta beharrezkoa da arrisku horri mugak jartzea erabakiak hartzeko garaian. Erabaki eremu (estrategia, gerentzia, merkataritza, ekoizpena, garapena, finantzak) guztien arteko integrazioa bermatuko duen informazio-sistema on bat eraikitzea lagungarria da eraginkortasuna hobetzeko, jakinik gakoa ez dela sistema bera, ohiturak sistemari eta sistema negozioaren eta enpresaren berezitasunei egokitzea baizik. Berrikuntzarako programak eta aukerak ezagutzen ditugu eta eguneratuta gaude: ez da beharrezkoa enpresa handi bat izatea IKT inguruneetan, 4.0 industrian etab. parte hartzeko.
Ingeniaritza eta IKTetako proiektuen kudeaketa desberdina da bezeroen neurrira egindako garapenak edo soluzio propioak direnean. Kasu bakoitzeko proiektuak kudeatzeko modua eta estrategia baten eta bestearen inplikazioak desberdinak dira baina, nolanahi ere, jakintzan oinarritutako antolakuntzaz hitz egingo dugu bi kasuetan. Espezialista-taldea fidelizatzeko erabateko ikuspegia partekatu behar da eta profesionalki ilusioa sortzen duten erronkak bizirik mantendu behar dira. Errentagarritasun ekonomikoa beharrezkoa da irauteko eta garatzeko eta, horretarako, funtsezkoa da proiektuak kudeatzeko sistematikak garatzea. Orduen eta gastuen plangintza egiteko ohitura hartzea eta proiektuen aurrerapausoen jarraipena egiteko eta marjinak neurtzeko sistemak ezartzea, jakinda zein den errealitatea: proiektu bakoitza desberdina dela eta aldaketa dela konstante bakarra, funtsezko beste premisetako bat. Errealitate hori kudeatuta ikasi ahalko dugu proiektu bakoitzetik eta hobeto prestatuta egongo gara hurrengo proiektuei ekiteko.
Funtsezkoa da hartzaileei erakargarri egingo zaien balio-proposamen bat lantzea. Eta garrantzitsua da baita ere marjinak kudeatzea azalera handiek garrantzi handia hartu duten inguruneetan, lokal fisikoko salmenta-estrategia sare sozialekin eta merkataritza elektronikoarekin bateratzea, barne-antolakuntza zaintzea, stockak zentzuz kudeatzea eta behar bezala dimentsionatzea, edo zirkulantearen zikloaren finantzaketa optimizatzea urtarokotasunaren baitan, besteak beste. Guztiak funtsezko jarduerak dira zurea bezalako enpresa baten iraupena bermatzeko. Esperientzia dugu merkataritzaren eta banaketaren sektoreko jardueren kudeaketan, txikizkari nahiz handizkari, eta uste dugu profesionalizatzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela ingurune berrietan.
Gure inguruneko edozein sektoretan, ETEak gehiengo diren ingurune batean, beharrezkoa da gauzak beste era batean egitea tradizioan sakon errotutako oinarri baten sendotasunetik abiatuta, baina hori bereziki garrantzitsua da lehen sektoreari buruz hitz egiten dugunean. Baserria, beste gauza batzuen artean, produkzio-unitate bat izan da betidanik, eta hala izaten jarraitzen du. Hortaz, gaur egungo "baserrian" beste edozein erakundetan bezain garrantzitsua da KUDEAKETAGINTZA. “Betiko” produktuak egiteko azken belaunaldiko teknologiak erabiltzen dituzten produkzio-prozesuak, meteorologiarekiko mendekotasun handiarekin, gaur egungo beharretara egokituta, baina moden gainetik, ingurune globalizatuetan, industria handiekin lehian eta banatzaile handiei aurre eginez, etengabe aldatzen eta eboluzionatzen ari diren kontsumo-ereduekin; horiek guztiak handiak dira, eta, horregatik, funtsezkoa da gestioa profesionalizatzea.
Bezeroentzat berdingabea izango den esperientzia bat diseinatzea eta ukiezin baten balio-proposamena behar bezala ezagutzera ematea erronka handia da pertsonei nahiz enpresei zuzendutako zerbitzuak eskaintzen ditugun enpresetarako. Bezeroen beharrak aztertu eta sakonki ezagutzea eta haiei aintzat hartzen dutena eskaintzea, horretan datza gure garapenaren gakoa. Hainbat sektoretako zerbitzuetan lan egiten duten enpresa ugarirekin lan egin izan dugu eta, gure esperientzian oinarrituta, uste dugu proiektuen araberako kudeaketari beti ez zaiola ematen merezi duen garrantzia, ez eta orduaren marjina zaintzeari eta bezeroak asebetetzeko modu berriak bilatzeari ere lehiakideak ugaritzen eta aurrerapausoak ematen ari diren inguruneetan.
Pedagogiaren eta hezkuntzaren arloko adierazleak oso zorrotzak dira eta, horregatik, kudeaketan jarri behar da arreta. Kontuan hartuta jaiotza-tasa gero eta baxuagoa dela, eta metodologia berriak, teknologia berritzaileak eta espazio berriak indar biziz sartzen ari direla, hainbat elementu kudeatu eta hainbat erabaki hartu behar dira. Erakunde batek ongi funtzionatzeko eta iraunkorra izateko, gogoan izan behar dugu ekonomia- eta finantza-adierazleak ere garrantzitsuak direla. Sektorearen eta, batez ere, erakundearen berariazko beharretara egokitutako informazio-sistema bat garatzea funtsezkoa da, bai erabaki estrategikoak eta operatiboak hartzeko, bai horren garrantzitsua den barne- eta kanpo-komunikaziorako.
Proiektuak behar bezala kudeatzea bezeroarekin eskaintza egiten den unetik bertatik hasita, soluzioen diseinua, gauzatzea, jarraipena, itxiera eta marjinen kontrola barnean hartuta. Hornitzaileekin eta azpikontratistekin baldintza egokiak kudeatu, negoziatu eta ixtea. Diruzaintza-zikloa kontrolatzea eta finantzen arloan soluzio egokiak bilatzea. Gure taldearekin gauzatu arren, batzuetan kanpoko langileak erabili behar izan ditugun proiektuetan bezeroa asebetetzen saiatzea, kontrolpean izanez beti lanak behar bezala egiten direla. Betiere kalitatea, segurtasuna eta araudia betetzen dela bermatuz. KUDEAKETAGINTZAN, baliabideak eskaini behar dira egunerokotasunaren parte diren jarduera horiek guztiak errazteko eta, aldi berean, etorkizuneko garapen estrategikoa ere kontuan izan behar da.
Gure ustez, aberastasuna sortzea ekonomiaren arlotik haratago doan zerbait da eta, horregatik, aberastasun soziala ere sortu nahi dugu. Hirugarren sektorearen balioekin konektatzen dugu eta badakigu sektore horretako jarduerak (esku-hartze soziala, bazterketa arriskuan dauden pertsonei laguntzea, ingurumen-jarduerak, gizarteratzeko enpresak eta enplegu zentro bereziak) kudeatzea konplexua dela. Erakunde horietan lan egiten duten profesionalek adi egon behar dute gizarte-berrikuntzako jarduerei, dituzten baliabide urriak modu eraginkorrean kudeatzen dituzten bitartean. Kudeaketa-lanak sinplifikatuko dituzten metodoak eta tresnak erabiltzea lagungarria da erakundearen iraunkortasuna areagotzeko eta gizartean eragiteko ahalmena biderkatzeko.
Zure unea:
Ideia bat duzu, ideia on bat, eta hartan sinesten duzu. Baina jada esan izango dizute ideia on bat eta negozio bat ez direla gauza bera. Ziur asko jada jarri izango zara harremanetan zure negozio-ideiari forma ematen doan lagundu diezazukeen erakunderen batekin (udalak, unibertsitateak, garapen agentziak, merkataritza-ganberak, azeleragailuak, etb.).. Baina ez baduzu halakorik egin, deitu diezagukezu, eta lagunduko dizugu. A+g erakunde horietako batzuekin elkarlanean aritzen da, zenbait programaren bidez, eta zure ideia enpresa bat dela pentsatuz egiten dugu hori beti; zure ideia negozio bat dela pentsatzen dugu, eta beharrezkotzat ikusten dugu hasieratik KUDEAKETAGINTZA.
Ekin diozu jada, ziur asko hamaika aldiz azaldu duzu zure ideia eta enpresa-plan bat erabili duzu ekintzailetza eta sustapen inguruneetan (inkubagailuak, BICak, enpresa-haztegiak, etab.) egon zarenean. Iritsi da hurrengo urratsa emateko unea: merkatura irten, enpresari alta eman, katalogoa (produktu-zerbitzuak, prezioak...) zehaztu, saltzera irten, bezeroentzako eskaintzak prestatu, fakturatu, diruzaintza kudeatu, finantzaketa lortu... Eta agian, lehen urratsak eman ostean, amestu zenuena ez den errealitate batean egongo zara, eta birpentsatzeko unea iritsi da. Inork ez zintuen prestatu honetarako eta, gainera, nahiago zenuke dagokizunean jardun eta KUDEAKETAGINTZARAKO denbora gutxiago behar izatea. Gure esperientzia lagungarri izan dakizuke, lehen urratsen ostean negozio-eredua berrikusten eta jarduera guztiak sinplifikatzen lagundu diezazukegu eta.
Behingoz iritsi zaizue aukera on bat, eta badirudi proiektua dimentsio berri batera iritsiko dela. Litekeena da taldea eta instalazioak berriro dimentsionatu behar izatea, eta plan on bat egin behar izatea itzulkin aurreikusiak, egindako inbertsioekiko egokiak izango direla bermatzeko. Ekoizpenerako bitartekoetan egindako inbertsioak ez ezik, zirkulatzailea ere finantzatu behar da (stockak biderkatzen dira, bai eta egiten ari den lan kopurua eta bezero kopurua ere). Une egokia da kudeaketan inbertitzeko, garatzeaz gain jarduera profesionalizatzeko, eta, batez ere, hazkuntza eta gizentzea, bereizita kudeatzeko. Barne-koordinazio on bat izaten laguntzera gatoz; plangintza eta jarraipena egiten laguntzera eta erabaki egokiak hartzeko beharrezkoak diren organoak eta informazioa dauzkagula bermatzera.
Negozioa behar bezala kudeatu da eta, horri esker, enpresa dagoen lekuan dago orain. Baina enpresa lehiakideak ere mugitzen ari dira eta aire berriak datoz. Honako hau da gakoa: ulertzea helduak ez direla merkatuak, jokabideak baizik. Etorkizunera begira, ez dago argi lehiakorrak izaten jarrai ote daitekeen aldaketa handirik egin gabe. Badakigu merkatuan hainbat erronka ditugula, hala nola digitalizazioa edo nazioartekotzea. Agian une egokia da pentsatzeko nola berrasmatu dezakegun gure burua, eta prestatzeko etorkizunean erakargarri izaten jarraitzeko. Heldutasunean, KUDEAKETAGINTZAN jardunez gero, hazkundea garapen, eboluzio eta berrikuntza bihur daiteke, eta funtsezkoa da urrats hori erakunde guztiaren inplikazioarekin ematea; izan ere, lehen oztopoak barrutik etortzen dira, baina baita bultzagarri nagusiak ere, baldin eta barne ingurunea lagungarria bada.
Bizidun guztiek berezko dituzte zikloak, eta, beraz, baita enpresen jarduerak ere. Baina baldintza ekonomiko eta/edo sektorialen aurrean malgutasun edo egokitzeko gaitasun txikia dugunean arazoak agertzen dira. Krisiak datozenean, funtsezkoa da erakunde guztien baitan dagoen adimena, era horretan erabakiak hartzeko krisi-egoerari eutsi eta etorkizuneko oinarriak berriro ezartzeko (merkatu berriak, jarduera berriak, jarduera neurri batean desegitea, etab.). Egoera horretan KUDEAKETAGINTZARAKO, estrategia zenbakitan jarri edo estrategiaren zenbakiak egin behar dira oso bizkor, denbora eta inertziak aurka ditugulako, eta diruzaintza eta marjinak are zorrotzago zainduz eta kudeatuz.